XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Yuppiak

Irabazleak dira.

Eta irabazle-kontzientzia dute.

Badakite uhinaren gainekaldea direla, gizartearen aparra eta uste horretan dabiltza, lorezaina bere lorategitik dabilen moduan.

Gero eta nabarmenagoak dira, euli zaratatsuak bezala, apartekoak Gizartearen lorea.

Batzuek inongo laguntzarik gabe egin dute gora, horretarako bidean makina bat galduta edo zapalduta geratu bada ere.

Zer ajola horrek? Goian egotearen plazerrak estaltzen ditu igotzearen zoritxar eta min guztiak.

Beste batzuek dena egina izan dute txikitatik.

Eta orain dauden lekuan badaude ere, horrek ez die meriturik kentzen.

Beraien buruak ez du inongo infrabaloraziorik jasaten eta goiko lainoek behea estaltzen diete hauei.

Ai, gure yuppiak! Garai batetan ezkertiarrak, akratak, hippiak kantautoreak, hare Krishnakoak edo izan ziren.

Bueltak eman zituzten tio-biboa moduan moda guztien inguruan.

Paradisu guztietarako bidarteetan gerorako bideaz galdetu zuten, eta azkenean konturatu ziren geroa beraiek zirela.

Gizartea aldatu baino hobe zela, gizartearen sabelean sartzea, dena jaiotzatik bezala egiteko.

Eta aldatu dira, aitortzen ez badute ere.

Orain modernoak, after-punkiak, funtzionariak, integratuak dira.

Garai haietatik geratzen zaie, ordea, hizkuntza eta nolabaiteko fair-play bat.

Teoritzatzeari ekin diote, eta lantzean behin begiak lausotzen zaizkie eta ezin dute baztertu malkoren bat begietatik sudurra bitartean, beraiek izan zirena gogoratzean.

Eta malkoak ez die uzten errealitatea gozatzen.

Baina errealitatea aldatu da, ezta? Igaroak dira ilusio-aroak.

Eszeptizismoak apizio berrien ateak ireki dizkie eta kontsumismoaren zeruari bota diote begia.

Zer egin dezakete, ba? Zuek, zer egingo zenukete? Ba, horixe, yuppiak izan denon etsenplurako.

Apokaliptikook jakin dezagun bizitzaren zirko honetan numero kuriosoenak zeinek burutzen dituen.

Felipe JUARISTI.